Usamos cookies propias y de terceros para mejorar su experiencia como usuario. Al hacer clic en cualquier enlace de este sitio web usted nos está dando su consentimiento para la instalación de las mismas en su navegador.
Más información

Bisitatu

Geografia

Zaraitzu Ibarrean dago, Iruñetik 84 kilometrora. 742 metroko altueran dago eta 29,3 Km²ko hedadura du.

Iratiko oihanetik oso hurbil, Orreaga eta Erronkaribarren artean kokaturik dago Piriniotako herri hau.
Pirinioko A-21 autobideak Iruñearekin eta NA-140 errepideak Auritz eta Izabarekin lotzen dute.
Zaraituz ibaiak zeharkatzen du.

Natura

Herriak harriztaturiko kaleak ditu. Etxeek jauretxe itxura dute, teila zapalez hornituriko teilatu lerdenekin.
Ardi eta behi- abeltzantza da nagusi. Patatak landatzen dira, eta pinu, haritz eta pago-basoak oso ugariak dira.

Basurdeak, orkatzak, oreinak, azeriak, kattagorriak eta amuarraianak, besteak beste, aurkituko ditugu inguruetan.

Historia

Zaraitzuko ibarraren historiarekin bat egiten du Ezkarozeko historiak. VIII.mendeaz geroztik egun arte, zaraitzuarrek nolabaiteko autonomi eta subiranotasun politikoa gorde dute.

Ibarrak komunitate bakarra osatzen du, alkate bakar batekin, “Alkate Nagusi” bezala ezagutzen dena.
Egun, herri guztietako ordezkariek osatzen dute Ibarreko Batzordea, egoitza nagusia Ezkarozen dagoelarik. Batzordea hiru lursailek osatzen dute eta Ezkaroze Errartea izenekoaren barruan dago.

Artea

Ezkarozeko eliza gotikoa XVI.mendea nahiko aitzinaturik zegoela eraiki zuten. Presbiterioan San Romani eskainitako erretaula ikusiko dugu, Berpizkunde eta erromanismoaren artekoa, ustez Kasanoba eta Aibarreko Miguel eskultore zangozarrak egin zuen.

Erromanismorako transizio garaikoak dira beste bi erretaulak ere, 1570 -1580 urtekoak, hain zuzen ere. Ageri den polikromia koloretsua garaikoa da.

Horretaz gain, elizaren barruan XVIII.mende erdialdeko erretaula barrokoa, XVII.mendeko Errosarioko Amabirjinaren irudia eta mende horren beraren hasieran egindako erretaula gordetzen dira.
Ezin aipatu gabe utzi XVI.mendeko bi pulpitu polikromatuak, batek hiribilduaren armarriaren irudia agerian duela.

Herriaren kanpoaldean Santa Maria Magdalenari eskainitako ermita gotikoa dago. Ez dakigu ermita hori bera den Alejandro IIIak ,1.174. urtean aipatu zuen Ezkarozeko Santa Maria, Leireko monasterioaren menpe omen zegoena.

Ezkarozeko udalaren armarria ibarraren berbera da.
Herriko etxe zaharretan dobela handiz hornituriko portaleak eta ajimezaturiko leihoak nabarmentzekoak dira.

Errota 1767. urtean eraiki zen, eta egun jadanik erabiltzen ez den arren, makineria oraindik gordetzen da.

1907.urteko uholdeek egurrezko presa zaharra suntsitu zuten, eta ondoren berreraikia izan zen egun ikusten ahal duguna.

Festak

Zaindariaren omenezko festak (Karmengo Amabirjina) uztailaren 16tik 20ra ospatu ohi dira.
Ekainaren 11tik (San Bernabe) hurbilenen gelditzen den asteburuan kintoak ospatzen dira eta erromeria egiten da Muskildako Amabirjinaren ermitara.

Azaroaren 18an San Roman, herriko zaindariaren eguna, ospatzen da.
Irailaren bukaeran Udazkeneko festa ospatu ohi da eta otsailan inauteriak.

Hizkuntza:

Bertako euskara, zaraitzuera, izan da jatorrizko hizkuntza XX.mendearen erdialdera arte, eta berreskuratze prozesuan dago. Egun, biztanleriaren gehiengoa erdalduna da.

Gastronomia:

Honako hauek dira bertako jaki ohikoenak: arkumea txilindron erara, artzain- apurrak, amuarraina eta esnez egindako azkenburuko eta gozokiak.

Kondairak:

Lamilosena inguruetan ahate hankak zituzten ile hori eta luzeko lamia ederrak omen zeuden. Lamiek, euren kantu goxoekin, artaldearekin errekara hurbiltzen ziren hartzainak haiengana erakartzen zituzten.
Ohiturak: Ezkarozeko artzainek ardi-aziendak Bardeetara eramaten dituzte, bertan maiatza eta iraila bitartean egoten direlarik.

Aspaldi, menditik ateratako egurra alamadiatan eramaten zuten Zaragozara.
Herriaren kokapen geografiko eta egoera ekonomikoa zirela eta, biztanle asko kontrabandoan aritzen ziren, eta emakumean Zuberoara joaten ziren espartingintzan aritzeko.

Jarduerak:

Ondoren aipaturiko jarduerak egiteko aukera eskaintzen du Ezkarozek:

  • Inguruko bideetan zehar ibili. Borda eta ur-jauziak bisitatu.
  • Frontoia.
  • Haurrentzako jolastokia.
  • Udan ibaian igerilekua egokitzen da.
  • Arrantza.
  • Iraupen-eskia.
  • Bizikleta.
  • 4×4 ibilbideak.
  • Eskalada.

Inguruko herrietan honako jarduerak egiteko parada izanen du bistariak:

  • ultraligero hegaldiak.
  • Piraguismoa.
  • Hidrospeed.
  • Zaldi gaineko ibilaldiak.